Mintegi Bukaerako Lana: BURUJABETZA

por Mugarik Gabeko Ingeniaritza

viernes 7 de febrero de 2020

por Mugarik Gabeko Ingeniaritza

viernes 7 de febrero de 2020

Mugarik Gabeko Ingeniaritzan antolatzen den “Garapena, lankidetza eta giza garapenerako teknologiak” mintegiaren XX. edizioa bukatu da, eta honekin batera, mintegi bukaerako lanak aurkeztu nahi dizkizuegu. Onintze Parrak, ingeniaritza kimikoko ikaslea, elikadura burujabetza eta burujabetza energetikoari buruz egindako hausnarketa erakusten digu. 

Euskaltzaindiaren hitzetan, burujabetzaren definizioa hurrengoa da: herriez mintzatuz, bere buruaren jabe izatea, beste inongo herriren mende ez izatea. Burujabetzari buruz hitz egiten dugunean, eskubideei buruz hitz egiten dugu. Burujabetza arlo askotan lantzen da, beste batzuen artean, elikadura burujabetza edo burujabetza energetikoa.

Burujabetza energetikoan sakontzeko, lehenengo gaur egungo energia nola eta zertarako erabiltzen den ulertu behar da. Azken urteotan, energia kontsumoa esponentzialki igo da, erregai fosiletan bereziki. Baina, non igo da gehien bat? Ipar globalean.

Kapitalismoak kapitalaren metaketa ekarri du eta, honekin batera, hegoaldeko lurren metaketa. Petrolioa prozesu honetan oso lagungarria izan da, izan ere, urteko edozein garaitan produzitu daiteke eta 24 orduko produkzioa ahalbidetzen du. Herrialde bateko barne produktu gordina produkzioarekin lotuta dago, eta produkzioa gauzatzeko energia da beharrezkoa. Ondorioz, BPGaren eta energiaren arteko erlazioa lineala da. Ezarrita dagoen eredu honetan, helburua hazkunde ekonomikoa da, eta energia murriztea, beraz, ezinezkoa da. Honek eragin asko dauzka: klima aldaketa, emisio gasen kontzentrazioa, lurreko tenperaturaren igoera…

Aurreikuspen guztiek antzekoa diote. Hubbert-en kurbari erreparatzen badiogu, petrolioaren kasuan, adibidez, produkzioaren gailur bat emango da (ikerketaren arabera, lehenago edo geroago). Gailurraren ondoren, produkzioa jaisten joango da erregai fosila agortu arte. Berdina gertatzen da beste erregai fosilekin, baita litioa eta uranioarekin. Esan beharra dago berriztagarriek erabiltzen dituzten mineralak agortzeko bidean daudela ere bai, eta hau da euren arazorik nagusienetarikoa. Erregai fosilekiko dagoen dependentzia bukatzen bada ere, berriztagarriek behar duten mineralekiko dependentzia sortuko da. Energia kontsumo itzel honek dituen lehen aipatutako arazoez gain, genero ikuspuntua ematen bazaio, Hego globalean emakumeek pairatzen dituzte ondorio gehienak: ura kutsatuta badago, emakumeak joan behar dira urrutira ur bila; norbait gaixotzen bada, haiek egiten dituzte zaintza lanak…

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, kontsumoa asko igo da azken bi hamarkadetan: % 23ko gorakada totala (% 55ekoa krisia baino lehenago). Energia kontsumo gehiena industria eta garraiotik dator (azken bi hamarkadetan, garraioan % 91ko gorakada eman da). Petrolioa, gas naturala eta inportatutako energia dira gehien erabiltzen direnak, eta berriztagarriek % 7,5eko pisua dute (gehien bat, biomasa).

Euskal Herriko eredua eredu zentralizatua da, oligopolioa nagusituz (Petronor, Iberdrola, EDF…), azpiegitura handiak bultzatuz eta erregai fosilak oinarritzat hartuz. Iparraldean kontsumitzen den energia gehiena Frantziako nuklearrek ekoiztutakoa da. % 10 pobrezia energetikoko egoeran bizi da: gehien bat emakumeak izanik, eta haien artean, guraso bakarreko familiak (ama bakarrekoak).

Beraz, zein da burujabetzarako errezeta? Gizartean zenbait ideia daude zabalduta. Gehiengoak teknologia berrietan dagoela soluzioa uste du. Baina honek “rebote efektua” sor dezake. Adibidez, etxe guztietan daukagun eredua aldatzen hasiko bagina led bonbilak instalatzeko edo kontsumo baxuko etxetresnak instalatzeko, produkzio industriala areagotuko litzateke, kontsumoa igoz.

Oso zabalduta dagoen beste uste bat, efizientzia energetikoa da. Hau Jevons-en paradoxaren bidez azal daiteke. Ekonomista honek dio efizientzia zenbat eta altuagoa izan, orduan eta altuagoa izango dela kontsumoa. Baina, nola izan daiteke hori? Tresnak efizienteagoak badira, jendeak gehiago erabiliko ditu, eskaera igoz, prezioa jaitsiz eta kontsumoa areagotuz.

Azkenik, berriztagarrien kontua dago. Egia da berriztagarriak erregai fosilak baino hobeak direla zentzu askotan. Hala ere, lehen esan bezala, lehengaiak mugatuta daude. Bestalde, energia berriztagarriek energia itzulera tasa baxua daukate. Gainera, ez ligukete bermatuko gaur egungo kontsumoa.

Hain zabalduta dauden usteak soluzioa ez direla ikusirik, hurrengo ildoak proposatzen dira. Lehenengoa eta begi bistakoena, hazkunde ekonomikoa eta “garapen jasangarria” ezinezkoak direla onartzea da. Energetikoki burujabe izateko lehen pausua energia kontsumoa asko murriztea da, aztarna ekologikoa murriztuz. Zenbat energia behar dugu ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Zertarako behar dugu energia?

Eztabaidan jarri behar den beste galdera nahi dugun eredua zein den da. Sektore publikoak bultzatu behar dira, energia nondik datorren jakin behar dugu (gogoratu burujabetzak ezagutza bermatzen duela) eta buruan izan behar dugu gu garela gure kontsumo osoaren erantzuleak. Beraz, eredu osoa aldatu behar da.

Azkenik, ze energia iturri behar ditugun argi utzi behar da. Energia berriztagarriak dira beharrezkoak. Transformazio eta garraio galerak ekiditzeko aukera egokia dira eta. Nahiz eta itzulera tasa baxua izan, gizarte antolakuntza txikietan jasangarria izango litzateke. Hala ere, berriztagarriak erabiltzeko aurreko dena bete behar da.

Baina, esandako guztia posiblea da? Hau erakusteko zenbait esperientzia existitzen dira: energia kooperatibak, tokian tokiko sorkuntza / salmenta / banaketa edota proiektu autogestionatuak.

“Burujabetzari buruz hitz egiten dugunean, eskubideei buruz hitz egiten dugu (…) guztion esku dago sistema burujabe bat eratzea, auzolana bultzatuz eta indibidualismoa alde batean utziz”

Elikadura burujabetzari dagokionez, La Via Campesina mugimenduak sortutako terminoa da. Munduko baserritarrek gaur egun ezarrita dagoen eredu kapitalistari aurre egiteko eskura jartzen diguten alternatiba da. Mugimendu honek jendeak euren elikadura, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza sistemak definitzeko eskubidea defendatzen du. Ildo nagusiak hiru dira: bertoko alternatibak, feminismoa eta internazionalismoa.

1. Mundu Gerraren ondoren hasi zen bideratzen mugimendua. Gerraostean gosetea zen arazo nagusienetarikoa, eta elikagaiak ekoizteko beharra zegoen. 1. sektorea industrializatu zen, nekazaritza eremu txikietatik handietara pasatuz. Kanpoko dependentzia zeukaten nekazariek (animalientzako pentsua kanpotik ekartzen zuten, adibidez), eta zorpetzen hasi ziren. Ama Lurraren pribatizazioa ekarri zuen guzti honek, eta elikadura eskubidea galduz joan zen.

Apur bat kokatzeko, gaur egun gosea pasatzen duten gehiengoak landa girokoak dira, hauen % 75 emakumeak direlarik. Jakina da elikagaiek burtsan kotizatzen dutela, beraz,
bertan erabakitzen da jakiek duten prezioa. Are gehiago, mundu mailan, bost edo hamar enpresek erabakitzen dute elikadurari dagokion ia guztia. Beraz, non gelditzen da burujabetza, demokrazia? Zein da nekazari, baserritar, abeltzaintzen papera? Industriaren esklabo bihurtu behar dira aurrera jarraitu ahal izateko?

2002an, Elikagaien Munduko Gailurrean sortu zen elikadura burujabetzaren proposamenik nagusiena. Munduko baserritar, abeltzain, indigenak eta abar elkartu eta proposamen politiko-tekniko bat eratu zuten. Proposamen honetan, herriek euren elikadura sistema erabakitzeko eta behar guztiak asetzeko duten eskubidea defendatzen zuten; bizitza zentroan jarriz eta, honen erdian, elikadura. Elikaduraz gain, ikuspuntu soziala eman zuten ere bai.

Helburutzat industrializazioaren aurretik ezarrita zeuden ohiturak berreskuratzea dauka mugimenduak. Pribatizazioa, intentsifikazioa, indigenen bazterketa, indibidualismoa… sistematik eliminatzea, naturarekiko harremanak berriz ere orekatzeko eta elikadura osasuntsua bermatzeko.

Hau guztia lortzeko, zenbait erronka bete behar dira. Alde batetik, gaur egungo diru laguntzen eredua aldatzea. Izan ere, nekazaritza eredu batentzat soilik daude bideratuta (intentsifikazioa bultzatuz). Nekazariek oso inbertsio altua egin behar dute, eta ezinezkoa da gaur egungo diru laguntzekin proiektu txiki bat hastea. Bestalde, ondasun komunak bultzatu behar dira: ura, zaintzak… kolektibizatu. Azkenik, begi bistakoa dirudien arren, 1.sektorea bultzatu behar da. Baserritar asko behar dira, proiektu txikiak lantzeko, megaproiektuen ordez, eta hauek diru laguntzak behar dituzte. Beraz, guztion esku dago elikadurari dagokionez, sistema burujabe bat eratzea, auzolana bultzatuz eta indibidualismoa alde batean utziz.

La entrada Mintegi Bukaerako Lana: BURUJABETZA aparece primero en ISF Euskadi.

0 comentarios

Enviar un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.