Endika Ruiz Martinezek, garapena, lankidetza eta giza garapenerako teknologiak mintegiko ikasleak, idatzi du artikulu hau.

Erdi arotik aurrera ipar Euskal Herriaren ekonomiaren zati nabarmena ontzioletan oinarritu zen. Izan ere, baso autoktonoa kalitatezko egurra ematen zuten zuhaitzez osatuta zegoen, haritzez eta urkiez adibidez. Honela, kostaldetik hurbilen zituzten basoetatik egurra ustiatzen hasi eta itsasontzien eraikuntzara bideratu zen besteak beste. Ontziolek beharrezko zuten egur eskaria asetzeko egindako mozketa azkarrek eta haritzak edo arteak hazkuntza oso moteleko zuhaitzak direla kontuan izanda, ez da harritzekoa deforestazio arazoak laster heldu zirela. Hau ikusita historiaren ikasbideez ezer gutxi ikasi dugula nabarmena da, gaur egun baso kudeaketa arazoak izaten jarraitzen baitugu.

Gaur egun, basoen deforestazioa arazo nagusien artean egon ez arren, baso-kudeaketa kaskarraren eraginak sufritzen ditugu etengabe. Kontuan izan, Eusko Jaurlaritzak 2010ean egindako Baso Inbentarioaren arabera, Bizkaiko baso-azalera lurralde osoaren % 72 dela, eta honen hiru laurdenak zuhaitz ez autoktonoen monolandaketak direla. Pinu eta eukalipto sailek batez ere, bertako baso autoktonoa ia guztiz ordezkatu dute. Honek, bertako ekosistemen suntsiketa, lur gaineko materia organikoaren galera, lurzoruaren egituraren eraldaketa eta suteen areagotzea dakar besteak beste. Gainera, eukalipto eta pinu landaketen arraseko mozketak1 egiten dira 12 eta 40 urtero hurrenez hurren. Honela, lursail osoa moztean lurra biluzik gelditzen da, landare inbaditzaileen sarrera erraztuz. Landare-espezie hauek, lurrazal osoa hartzeko gai dira denbora gutxitan; espezie autoktonoak desagertarazteko eta ekosistemak guztiz hondatzeko gai izanik.

Hala ere, aipatutako baso-kudeaketa ez jasangarriak eragindako arazoak larriak izan arren, administrazioek ez dute inolako neurririk proposatu honi aurre egiteko. Gainera, ez dute bertako basoa berreskuratzeko eta kalitatezko egurra ekoiztearen aldeko apusturik egin. Askotan, baso-eremuaren % 76a jabetza pribatukoa dela aipatuz justifikatzen dute administrazioek gaur egungo basoen egoera, lur publikoetako eukalipto landaketak kentzeko asmorik izan gabe. Egoera honetan, zaila da jabetza pribatuko baso-eremuan kudeaketa jasangarriago baterako bidea hartzea. Izan ere, basoak lantzearen gaur egungo helburu nagusia eta bakarra etekin ekonomiko indibidual ahalik eta azkarrena lortzea da, epe luzerako onura ekologiko kolektiboa planteatzen ez delarik.

Ezin da onartu arazo guztien eragileak jabe pribatuak izatea, eta hauek haien kabuz egora aldatu behar dutela baso gehiena osatzen dutelako. Baso-kudeaketa jasangarrirako bidean, ezinbestekoa izango da administrazio publikoak eredugarriak izatea eta jabe pribatuen eskura jartzea beharrezkoak dituzten diru laguntzak eta tresnak. Honela, Europako beste herrialdeek egiten duten moduan, basoaren kudeaketa legeen edo arauen bidez erregulatu beharko litzateke, edozein pertsonaren ekintzak gainerako gizartearengan eragin latzak izango dituen akzioak ekiditeko asmoz. Adibidez, Suitzako Lege Federalak “basoa, bere funtzioak modu aske eta jasangarrian betetzeko gai den eran kudeatu beharko da” eta “Erabateko soilketak eta arraseko mozketak edo antzeko ondorioak dituen edozein erabilpen debekatuko da.” ideiak biltzen ditu bere artikuluetan.

Azkenik, gure herrialdeko administrazioek bultzatutako baso-ekintza eredugarrien zain gauden bitartean, baso-kudeaketak eragiten dituen arazoak konpontzetik urrun gaude. Oro har, arazo hau gure gizarteak daukan garapenaren modeloagatik eragina da besteak beste, hau da, hazkunde ekonomikoan oinarritutako garapenagatik. Honen eraginez, eskerrak eman beharko genieke baso-kudeaketa jasangarria bultzatzen duten elkarte edo ekimen guztiei, hauek baitira aldaketaren itxaropena ez galtzearen eragileak.

1 zuhaitzaren behealdetik egindako lursail osoaren mozketa

Bibliografia:
“Bertako basoa berreskuratzeko proposamena” (2017), Kolore Guztietako Basoak.
Eskuragarri: https://koloreguztietakobasoak.files.wordpress.com/2017/10/kolore-guztietako-basoak-euskar
a.pdf

La entrada Basoen kudeaketaren arazo amaigabea. Noiz arte? aparece primero en ISF Euskadi.