Pasa dan asteko gaiaren harira, hau da, Juan Hernandezek azaldutako nazioarteko elkartasunaren egoera azken hiru hamarkadetan, puntu batzuk azpimarratuko nituzke:

I. Erantzukizuna
“Zer da zuretzat elkartasuna?” galdera mahai gainean jarrita, “Erantzukizuna” izan zen bat-batean eta hitz batean esanda, niretzat suposatzen duena. Gizarteak hobeto bizitzeko zer behar duenagaitik akzio zuzenaz, borrokaz eta salaketaz osatutako koktel bat izan beharko litzateke, betiere zein mundu bizi garen eta zein eragilez inguraturik gauden ahaztu barik.

II. Elkarlana
Hitzaldian zehar azaldutako beste kontzeptu garrantzitsua da elkarlana. Laguntza jasotzen duen pertsonak lotsaren eta baztertze egoeraren zama maiz eraman behar izaten du bere gainean (“ez nazatela egoera triste honetan ikusi”). Norbaiti premia azaltzen eta laguntza eskatzeko unea heltzen zaionean interesgarria eta beharrezkoa ikusten dut elkarlana lantze: laguntza jaso duen pertsonaren kezkak eta egoera pertsonala ulertzea taldearen partetik, eta ez bakarrik laguntza norabide batean zuzentzea oso baliagarria izan daiteke. Pertsona hori taldearen parte sentituko da eta jasotako elkartasuna beste norbaiti itzultzeak elkarlan sendoa eraikitzeko baliozko esperientzia izango da.

III. Aktibismo likidoa
Gizakion parte-hartzeren eta elkartasunaren gogoak nahiko bereziak eta guratsuak izaten dira batzutan. Noraino heltzeko prest ikusten dugu geure burua elkartasuna praktikatu nahi dugunean? Agian, elkartasun aletxo hori gauzatzeko GKE edo beste erakunde batean izena ematea bururatuko litzaiguke. Ondo baina, benetan kontzienteak gara geure bizimodua nola dan, zer kontsumitzen dugun (erosi, ikusi eta entzun), zeri/nori ematen diogun botoa eta noren menpe bizi garen?

IV. Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuei buruz…
Badira jada lagun batzuk neure inguruan nazioarteko elkartasunaren munduan sartu nahi eta egoera bitxia topatzen dutenak: GKE-ko proiektu batean atzerrian laguntzeko aukera interesantea eta proiektu horretan parte hartzeagaitik dirua jarri behar izana. Kasu hauetan, eurek bere lana hemen Euskal Herrian albo batean uzteko eta bere bizitzari buelta bat emateko prest agertzen direnak; ordea, borondatez lan egiteko prestasun hori moteldu egiten da sarritan baldintza horiek ikusita. Argi dago bakoitzak badakiela non erroldatzen den eta baldintza horiek bidezkoak diren ala ez. Hala ere, neure ikuspegitik, erakunde batzuk enpresa bihurtzeko arriskuan dauda, bere barneko arkitektura eta lan egiteko moduak hala dirudite behintzat. Beste batzuk, zoritxarrez enpresak dira jada eta bere lan egiteko eran argi ikus liteke.

Laburbilketa bat eginez azalduko ideiei, hiru zutabe goraipatuko nituzke elkartasuna eraginkor bateraino nolabait heldu ahal izateko: erantzukizuna, elkarlana eta aktibismo soziala. Har ditzagun kontutan esparru honetan borrokatu izan dutenen esperientziak eta iritzi kritikoak elkartasun sanoa eraikitzeko, mundu mailan zein geure auzo hurbildu horretan.

Iñaki Garcia.
2019-10-10

La entrada “Nazioarteko Elkartasuna” saioari buruzko hausnarketa aparece primero en ISF Euskadi.