Nazioarteko lankidetza-eredu emantzipatzailearen inguruko gogoeta

por Mugarik Gabeko Ingeniaritza

jueves 12 de noviembre de 2020

por Mugarik Gabeko Ingeniaritza

jueves 12 de noviembre de 2020

Alexander Angiano Ortega-k idatzitako artikulua

Izaera ezberdineko erakundeen arteko lankidetza hiruki legez irudikatu ohi da. Erpin bakoitzean eragile-mota bakoitza kokatzen da. Lehenengo erpinean, GKEak eta eragile politikoak (gizarte-higikundeak, sindikatuak eta abar) dauzkagu, bigarrenean, herri-erakundeak, tokikoetatik estatu-mailakoetaraino,  eta, hirugarrenean, enpresa pribatuak daude.

Lehenengo erpinean eraldaketaren aldeko ekimenak eta, batez ere, lana kokatzen dira; batetik, GKEetako beharginak daude, eta, bestetik, erakundeotatik at egon arren, haien ekimenetan esku hartzen dutenak eta diruzko ekarpen apalak ematen dituztenak. Beste erpin bien izaera, oro har, diru-sorburu izatea da. Hots, GKEak diruztatzen dituzte, bai haien helburuekin bat egiten dutelako, bai abantailak lortzen dituztelako. Izan ere, beraiei lagunduz gero, euren jendaurreko irudia hobetzea edo, enpresa pribatuen kasuan, zerga-murrizpenak lortzen dituzte.

Pentsa liteke egitura hirukoitz hori lankidetzaren irudizko adierazpena baino ez dela, baina hirukiaren erpinen arteko harremanak arazo eta kontraesanak sorrarazten dituzte. Horren eredu da Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak Gazako zerrendan ospitaleak eraikitzen laguntzeko GKEekin daukan elkarbidea.

Zalantza barik, Palestinaren egoeraz kezkatuta dagoen edonorentzat laguntza hura poztekoa da: Euskal Autonomia Erkidegoko zergadunen dirua eztandek egunero iratzartzen duten herri bati laguntzeko erabiltzen da. Jaurlaritzak, halandaze, zergen helmuga jagon beharko luke. Bada, ez da horrela! Israelgo Estatuak lantzean-lantzean ospitaleok leherrarazi izan ditu, eta Lakuako Jaurlaritza isil-isilik geratu da. Hau da, Jaurlaritzak Palestinan ospitaleak eraikitzeko herritarren dirua bideratzen du, baina ez da haiek suntsitu dituen estatua salatzeko gai.

Jaurlaritzarekin lankidetzan diharduen GKEak zelan onar dezake diru hori gero hark bere ardurari muzin egiten badio? Erakundeak Jaurlaritzaren jokaera kritikatuko balu, erantzunik eza egotzita, dirubide hura galduko luke? Eta, hala balitz, egiazki esan liteke erakunde hura gobernuz kanpokoa eta beregaina dela? Edo, beste barik, GKEak uko egin behar izango lioke Jaurlaritzaren dirubideari, horren jarrera ezaxola edukitzeagatik? Horratx GKEaren baitan sor daitekeen talka etikoa: palestinarrak lagundu nahi baina Jaurlaritza salatu behar.

Nire iritziz, ez dago GKE batek erakunde eta enpresen dirua onartzea gaitzesterik, baina, betiere GKEa gauza bada diruztatzailearen balizko esku-sartze saialdiak edo haren jarduera ezegokiak aske eta jendaurrean salatzeko. Ezpabere, GKEa bere diruztatzailea zuritzen duen menpeko erakunde ustela izango da.

La entrada Nazioarteko lankidetza-eredu emantzipatzailearen inguruko gogoeta aparece primero en ISF Euskadi.

0 comentarios

Enviar un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.